Estatutuak

ESTATUTUAK

LEHENENGO KAPITULUA

IZENA

1. Artikulua – Donostiako (Gipuzkoa) ASOCIACIÓN VASCA DE GERIATRÍA Y GERONTOLOGÍA – “ZAHARTZAROA” GERIATRIA ETA GERONTOLOGIA EUSKAL ELKARTEA 1999ko abenduaren 15ean erregistratu zen, AS/G/08329/1999 erregistro-zenbakiarekin, eta bere estatutuak aldatu egin dira  Euskadiko ekainaren 22ko Elkarteei buruzko 7/2007 Legean eta Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 9. eta 10.13. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Elkarteak honako araubidea izango du: aipatutako Elkarteei buruzko Legeak; Estatutu hauek (legearen aurkakoak ez badira); gobernu-organoek behar bezala hartutako erabakiak (Legearen edota Estatutuen aurkakoak ez badira); eta, Eusko Jaurlaritzak onesten dituen erregelamenduzko xedapenak (azken horiek osagarriak besterik ez dira).

LORTU NAHI DITUEN HELBURUAK

2.Artikulua – Elkarte honen helburuak honako hauek dira:

  1. Adineko pertsonekin zerikusia duten jarduerak sustatzea eta ikertzea; adineko pertsonen duintasunaren eta haienganako errespetuaren aldeko gizarte-kontzientzia osatzera eramaten duten ekintzak bultzatzea; eta euren lana Geriatria eta Gerontologiaren alorrean garatzen duten profesionalen aitortza eta nortasuna.
  2. Arreta geriatriko eta gerontologikoa eguneratzea eta beraren kalitatea etengabe hobetzea.
  3. Aholkularitza eta sostengua eskaintzea Osasun eta Gizarte Erakunde ofizialei, eta baita zahartzaroak planteatzen dituen gai kliniko eta sozialez arduratzen diren gainerako legezko instituzioei ere, bai nazionalei eta bai EAEkoei eta tokikoei.
  4. Era guztietako jarduera zientifiko, asistentzial, akademiko eta ikertzaileak sustatzea geriatria eta gerontologiaren alorrean.
  5. Harreman zientifikoak eta loturak ezartzea elkarte nazionalekin edo nazioartekoekin, unibertsitate-erakunde publiko zein pribatuekin, eta baita Geriatria eta Geronotologiaren garapenagatik interesatzen den beste edozein instituziorekin ere, hala dagokionean horien ordezkaritza-organoetan parte hartuz.
  6. Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzea, ahalik eta nabarmentasun handiena lortzeko lehen aipatutako helburuak betetzeko zereginean.

Aipatutako helburuak lortzeko, eta ezarritako legezko betekizunak bete ondoren, honako jarduera hauek gauzatuko dira:

  1. Adineko pertsonekin zerikusia duten alderdi guztien inguruko ikerketa, dokumentazioa eta dibulgazioa.
  2. Gai horren inguruko azterlan eta argitalpenak sustatzea, zuzentzea eta koordinatzea.
  3. Bere bazkideak eta jarduera honetan interesatutako pertsonak prestatzera eta eguneratzera zuzendutako ikastaroak sustatzea eta antolatzea.
  4. Ekintza gerontologikoaren alderdi orokor edo konkretuei buruzko aholkularitzara zuzendutako irizpideak ezartzea eta jakinaraztea.
  5. Adineko pertsonen alorreko esperientziak edo teknikak aztertzera edo trukatzera zuzendutako bilera zientifikoak, konferentziak, mintegiak, azterketa-jardunaldiak edo beste edozein motatako ekintzak antolatzea eta horietan parte hartzea.
  6. Lehen aipatutako helburuetara eramaten duen beste edozein jarduera.

Aurreko atalean deskribatutako jarduerak baztertu gabe, bere helburuak betetzeari begira hauxe egin ahal izango du:

  • Helburuak betetzeko edo horretarako baliabideak biltzeko era guztietako jarduera ekonomikoak gauzatu.
  • Era guztietako ondasunak edozein tituluren bidez eskuratu eta eduki, eta mota guztietako egintzak eta kontratuak egin.
  • Nolanahiko ekintzak burutu, betiere legeekin edo bere Estatutuekin bat etortzekotan

SOZIETATEAREN HELBIDEA

3.Artikulua – Elkarte honen helbide nagusia Bizkaiko Medikuen Elkargo Ofizialean egongo da, Lersundi kalea, 9. – Bilbo.

Elkarteak beste lokal batzuk eduki ahal izango ditu Autonomia Erkidegoaren baitan, Batzar Orokorrak hala erabakitzen duenean.

LURRALDE-EREMUA

4.Artikulua – Elkarte honek nagusiki lurralde-eremu honetan  gauzatuko ditu bere zereginak: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Orobat, lankidetza-harremanak eratuko ditu Nafarroa eta Iparraldeko Geriatria eta Gerontologiaren eremuko elkarte eta profesionalekin.

IRAUPENA ETA DEMOKRAZIA-ARAUA

5.Artikulua – Elkartea iraunkorra izateko eratu da, eta VI. kapituluan esaten den bezala Ezohiko Batzar Orokorrean hartutako erabaki bidez baino ezingo da desegin, edo legeetan aurreikusitako arrazoiren batengatik.

Elkartearen funtzionamendua eta barne-antolamendua demokratikoa izango da, eta pluraltasuna erabat errespetatuko da. Erabat deusezak izango dira elkartzeko oinarrizko eskubidearen alderdietako edozein betetzen ez duten itunak, estatutu-xedapenak eta erabakiak.

BIGARREN KAPITULUA

AGINTE- ETA ADMINISTRAZIO-ORGANOAK

6.Artikulua – Elkartearen agintea eta administrazioa kide anitzeko organo hauen esku egongo dira:

  • Bazkideen Batzar Orokorra izango da organo gorena.
  • Zuzendaritza Batzordea izango da kide anitzeko zuzendaritza-organo iraunkorra.

BATZAR OROKORRA

7.Artikulua - Batzar Orokorra bazkide guztiek osatzen dute, eta organo honen bidez adierazten dira bazkideen nahiak.

Batzar Orokorraren ahalmenak:

  1. Elkartearen jarduera-plan orokorra onartzea.
  2. Urteko kontuak eta hurrengo ekitaldiko aurrekontua aztertu eta onartzea.
  3. Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa onartzea.
  4. Estatutuak aldatzea.
  5. Elkartea desegitea.
  6. Presidentea, idazkaria, diruzaina eta kide anitzeko aginte-organoko gainontzeko kideak, baldin badaude, izendatzea eta kargutik kentzea eta horiek ikuskatzea eta kontrolatzea.
  7. Beste elkarte batzuekin batera federazioak eta konfederazioak osatzea, edota horietatik ateratzea.
  8. Ondasun higiezinak erabili edo besterentzako erabakiak hartzea.
  9. Aginte-organoko kideei ordaindu behar zaiela erabakitzea, hala dagokionean.
  10. Kuota arruntak edo bereziak ezartzea. Ahalmen hau, hala ere, Batzar Orokorrak aginte-organoari eskuordetu diezaioke, horretarako bereziki hartutako erabakiaren bidez.
  11. Bazkideak behin betiko kanporatzeko erabakia hartzea.
  12. Beste organo sozialen bati esleitu gabeko beste edozein eskumen.

8. Artikulua – Batzar Orokorrak ohiko bilkurak eta bilkura bereziak egingo ditu.

9. Artikulua – Batzar Orokorrak gutxienez urtean behin egin beharko du ohiko bilkura, bigarren hiruhilekoan, 7. artikuluko a), b) eta c) idatz-zatietan zehaztutako erabakiak hartze aldera.

10. Artikulua – Batzar Orokorra Zuzendaritza Batzordeak erabakitzen duenean bilduko da bilkura berezian, bere ekimenez edo bazkideen % 75ek eskatzen duelako. Bilkura eskatzeko arrazoiak eta helburuak azalduko beharko dira baina, nolanahi ere, honako gaiak aztertzeko eta erabakitzeko, bilkura berezia egingo da

  1. Estatutuak aldatzeko.
  2. Elkartea desegiteko.

11.Artikulua – Batzar Orokorra biltzeko deialdiak idatziz egin behar dira, eta bilkurak egingo diren tokia, eguna eta ordua adierazi beharko dira, bai eta gai-zerrenda ere, eztabaidatuko diren gaien aipamen zehatzarekin. Deialdia egiten denetik gutxienez hamabost egun pasatu beharko dira bilkura lehen deialdian egiteko. Hala badagokio, bigarren deialdiaren data eta ordua ere adieraz daitezke. Dena dela, deialdi batetik bestera gutxienez ordu erdiko tartea utzi beharko da.

Batzar orokorrak, arruntak nahiz bereziak, lehenengo deialdian balio osoz eratuta geratuko dira botoa emateko eskubidea duten elkartekideen herena bertaratzen bada; eta bigarren deialdian, botoa emateko eskubidea duten elkartekideen kopurua edozein dela ere.

12.Artikulua – Batzar orokorraren erabakiak gehiengo soilez hartuko dira, hau da, bertaratuen nahiz ordezkatuen baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean. Alabaina, bertaratuen edo ordezkatuen gehiengo kualifikatua beharko da (hau da, baiezko botoak baliozko botoen erdia baino gehiago izatea) erabaki hauek hartzeko:

  1. Elkartea desegitea.
  2. Estatutuak aldatzea.
  3. Ondasunak erabili edo besterentzea.
  4. Ordezkaritza-organoko kideei ordaintzea

13.Artikulua – Bazkideek beste edozein bazkideren esku utzi dezakete batzar orokorretara joateko ordezkaritza. Ordezkaritza hori idatziz eskuordetu beharko da, eta Batzarreko idazkariari eman bilera baino gutxienez 120 ordu lehenago. Elkartearen egoitza dagoen herritik kanpo bizi diren bazkideek ordezkaritza beste norbaiten esku uzteko agiria postaz bidali dezakete.

ZUZENDARITZA BATZORDEA

14.Artikulua – Zuzendaritza Batzordea da Batzar Orokorraren xedapen eta zuzentarauei jarraikiz elkartearen interesak kudeatu eta ordezkatzen dituen organoa. Elkartekideek baino ezingo dute osatu ordezkaritza-organoa.

Zuzendaritza Batzordearen partaideak honako hauek izango dira:

  1. Presidente bat.
  2. Alor Klinikoko Presidenteorde bat.
  3. Gizarte eta Jokabide Zientzien Alorreko Presidenteorde bat.
  4. Batzordekideak:
    1. Alor Klinikoko 2 batzordekide.
    2. Gizarte eta Jokabide Zientzien Alorreko 2 batzordekide.
    3. Gipuzkoako batzordekide bat.
    4. Bizkaiko batzordekide bat.
    5. Arabako batzordekide bat.
  5. Diruzain bat.
  6. Idazkari bat.

Alor Klinikoko bi batzordekideek eta Gizarte eta Jokabide Zientzien Alorreko biek diziplina profesional desberdinekoak izan beharko dute nahitaez. Gutxienez hiru hiletik behin bilduko dira, eta baita gizarte-jardueren garapen egokirako beharrezkoa den guztietan ere.

15.Artikulua – Zuzendaritza Batzordeko kideren bat bilera horietara bost aldiz jarraian, edo, tarteka hamar aldiz agertzen ez bada, dagokion kargua utzi egin beharko du, hutsegite horiek ez baditu arrazoitzen.

16.Artikulua – Batzar Orokorrak hautatuk ditu Zuzendaritza Batzordeko kargudunak. Kargu horiek lau urterako izendatuko dira, Batzordeak berariaz baliogabetu ezean. Kargudun berbera gehienez bi aldiz hautatu ahal izango da jarraian kargu horretarako.

17. Artikulua – Zuzendaritza Batzordeko kide izateko, ezinbestean baldintza hauek bete beharko dira:

  1. Adin nagusikoa izatea, eskubide zibil guztien jabe izatea, eta indarrean dauden legeetan bildutako bateraezintasun-arrazoirik ez izatea.
  2. Estatutuetan aurreikusitako moduan izendatua izatea.
  3. Elkarteko bazkide izatea.
  4. Kuotak garaiz ordainduta izatea.

18. Artikulua – Zuzendaritza Batzordeko kide izateko, lehendabizi, Batzorde Nagusiak izangaia hautatu behar du eta, gero, izendatu horrek kargua onartu behar du.

Zuzendaritza Batzordeko kideen dieta eta gastuak ordaintzea erabaki dezake Batzar Orokorrak

19. Artikulua – Zuzendaritza Batzordeko kideek kasu hauetan utziko dituzte karguaks:

  1. Agintaldia bukatzen denean.
  2. Dimititzen baldin badute.
  3. Bazkide izateari uzten diotenean, edo kargua betetzeko ezintasun arrazoiak dituztenean.
  4. Estatutu hauetako 16. artikulua aplikatuz, Batzar Orokorrak kargua baliogabetzea erabakitzen duenean.
  5. Hiltzen baldin badira.

a) idatz-zatian agertzen dena baldin bada kargua uzteko arrazoia, Zuzendaritza Batzordeko kideek jardunean jarraituko dute lehenengo batzar orokorra egin arte. Batzar horretan aukeratuko dira kargudun berriak.

b), c), d) eta e) idatz-zatietan agertzen dena baldin bada arrazoia, hutsik gelditutako kargua betetzeko norbait behin-behingoz izendatuko du Zuzendaritza Batzordeak, eta Batzar Orokorrak erabakiko du izendapena onetsi ala ez. Ezetsi egiten badu, behar diren kargu izendapenak egingo ditu.

Organo honen osaeran egiten diren aldaketa guztien berri emango zaio Elkarteen Erregistroari.

20. Artikulua – Honako hauek dira Zuzendaritza Batzordearen zereginak:

  1. Elkartearen eguneroko kudeaketaz arduratzea, Batzar Orokorraren jarraibideekin bat etorriz eta haren kontrolpean.
  2. Elkarteak aurrera eramango dituen ekintzen egitaraua egitea.
  3. Gastu eta sarreren urteko aurrekontua eta aurreko urteko kontuen egoera-orria Batzar Orokorrari aurkeztea, hark onar ditzan.
  4. Batzar Orokorraren bileretako gai-zerrendak egitea, eta ohiko nahiz ezohiko batzar orokorretarako deialdiak egitea erabakitzea.
  5. Bazkideek egiten dituzten proposamen eta iradokizunei erantzutea eta horien inguruan hartu beharreko neurriak hartzea.
  6. Estatutu hauetako aginduak interpretatzea eta Estatutuetako hutsuneak betetzea, betiere elkarteen inguruan indarrean dauden legeekin bat etorriz.
  7. Batzar Orokorrak berariazko erabakien bidez ematen dizkion eskumenak erabiltzea, betiere ez badira haren eskumen esklusibokoak.

21.Artikulua – Zuzendaritza Batzordearen bilkurak presidenteak erabaki edo batzordekide batek eskatzen duen bakoitzean egingo dira. Bilkurako burua Presidentea izango da, edo, bertan ez balego, presidenteordea, eta horien faltan, batzordekide zaharrena.

Batzordeak hartutako erabakiak baliozkoak izateko, biltzen diren batzordekideen gehiengoak aldeko botoa eman behar du. Horretarako, gutxienez batzordekideen kopuruaren erdiak egon beharko du bilkuran. Berdinketarik egonez gero, lehendakariaren kalitateko botoa izango da erabakiko duena.

Idazkariak bilera-aktak egingo ditu eta akta horiek gero dagokion liburuan transkribatuko dira

KIDE BAKARREKO ORGANOAK

PRESIDENTEA

22. Artikulua – Presidenteak bere gain hartuko du elkartearen legezko ordezkaritza, eta Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Orokorrak hartutako erabakiak gauzatuko ditu. Era berean, aipaturiko bi organo horietako presidentea izango da.

23. Artikulua - Presidenteak honako hauek denak egiteko ahalmena izango du:

  1. Zuzendaritza  Batzordearen eta Batzar Orokorraren bilera-deiak egin, bilerak bukatutzat eman, bileretan sortzen diren eztabaidak bideratu, eta boto-berdinketa gertatuz gero kalitate-botoarekin erabakitzea.
  2. Elkartearen ekintzen egitasmoa zuzendaritza Batzordeari proposatzea eta elkartearen zereginak bultzatu eta bideratzea.
  3. Baliozki erabakitako ordainketak egiteko agintzea.
  4. Sortzen diren premiazko arazoak konpontzea, eta egiten den lehenengo bilkuran Zuzendaritza Batzordeari horren berri ematea.
  5. Batzar Orokorrak berariazko erabaki bidez ematen dizkion eskumenak erabiltzea, betiere ez badira haren eskumen esklusibokoak.

PRESIDENTEORDEA

24. Artikulua – Presidenteordeak presidenteari lagunduko dio, eta presidenteak aldi batean bere kargua bete ezin badu, presidenteordeak ordezkatuko du. Era berean, presidenteak berariaz eskuordetzen dizkion ahalmen guztiak izango ditu.

IDAZKARIA

25. Artikulua – Idazkariari dagokio, zehazki, elkartean sartzeko eskabideak jaso eta izapidetzea, fitxategia eta Bazkideen Erregistro Liburua zaintzea, eta Akta Liburuaren zaintzaren eta idazketaren ardura izatea.

Era berean, elkarteen arloan indarrean dauden legezko xedapenak betetzeaz arduratuko da, erakundearen agiri ofizialak zainduz, elkarteko liburuen eta artxiboen edukia egiaztatuz eta Zuzendaritza Batzordeko izendapenen eta egoitza sozialaren aldaketen berri emateko egin beharreko jakinerazpenak eginez agintari eskudunari.

DIRUZAINA

26. Artikulua – Egindako diru-sarrera eta ordainketen berri emango du diruzainak, eta diru-sarrera eta gastuen urteko aurrekontua eta aurreko urteko kontuen egoera ere jakinaraziko du. Horiek guztiak Zuzendaritza Batzordeari aurkeztu behar dizkio, eta horrek Batzar Orokorrari, hark onartu ditzan.

HIRUGARREN KAPITULUA

BAZKIDEAK: ONARTUAK IZATEKO BALDINTZAK ETA PROZEDURA, ETA BAZKIDE MOTAK

27. Artikulua- Elkartekide izan nahi eta baldintza hauek betetzen dituzten pertsona guztiak izan daitezke elkarteko bazkide:

  • Adin nagusikoa izatea, norberaren eskubideak erabiltzeko inolako lege-baldintzaren menpe ez egotea eta ebazpen judizial irmoaren bidez eskubideen erabilera mugatuta ez edukitzea.
  • Unibertsitate-titulazioa duen profesionala izatea eta norberaren lanbide- edo lankidetza-zeregina Geriatria eta Gerontologiaren alorrean garatzea.

Elkarteak bi bazkide mota ditu:

  1. Kide Numerarioak: unibertsitateko lizentziatuak edo diplomatuak. Hitz egiteko eta bozkatzeko eskubidea duten kideak dira. Haien onarpenerako, Seigarren eta Zazpigarren artikuluetan ezarritako tramiteak beteko dira.
  2. Ohorezko Kideak: pertsona fisiko edo juridikoak dira, euren merezimenduengatik edo Geriatria eta Gerontologiaren eremuaren barnean aitortutako balioengatik ohorezko bazkide titulua ematen zaienak. Kategoria goren hau Zuzendaritza Batzordearen proposamenez ematen da. Gehiengo soilez erabakitzen da Ohiko Batzar Orokorrean. Hitz egiteko eskubidea dute, baina ez bozkatzeko.

28. Artikulua – Elkartean sartu nahi duenak presidenteari eskatu beharko dio, idatziz edo prozedura telematikoz, webgunean (www.zahartzaroa.org) dagoen online formularioaren bitartez. Presidenteak eskabidearen berri emango dio Zuzendaritza Batzordeari, eta horrek erabakiko du eskabidea egin duena elkartean onartu ala ez. Erabakiaren aurkako gorako errekurtsoa jar dakioke Batzar Orokorrari.

Ohiko Batzar Orokorrak bazkide berri bat onartzea erabaki aurretik, edozein bazkidek egokitzat jotzen dituen eragozpenak aurkeztu ditzake. Kasu horretan, onarpena gehiengo soilez erabakiko da.

BAZKIDEEN ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK

29. Artikulua – Elkarteko bazkide guztiek honako hauek denak egiteko eskubidea dute:

  1. Elkarteei buruzko Legearen edo Estatutuen kontrako erabaki eta jardunak inpugnatzea. Inpugnatutako erabakiaren edukia ezagutu duten edo ezagutzeko aukera izan duten egunetik egutegiko 40 eguneko epean.
  2. Elkarteko gobernu- eta ordezkaritza-organoen osaera, elkartearen kontu-egoera eta elkartearen jarduerei buruzko informazioa jasotzea.
  3. Elkarteko beste bazkideen nortasuna, diru-sarreren eta gastuen egoera, eta elkartearen ekintzen garapenaren berri edozein unetan izatea, datu pertsonalak babesteko arautegian aurreikusitako moduan.
  4. Batzar orokorretarako deiak jasotzea, batzar orokorretara joan eta hitz egin eta botoa emateko eskubidea erabiltzea, eta eskubide hori beste bazkideren baten esku utzi ahal izatea.
  5. Elkartearen Estatutu hauen arabera, elkarteko zuzendaritza-organoetan parte hartzea eta organo horietarako hautatzaile nahiz hautagai izatea.
  6. Indarrean dauden legeetan zehaztutako bazkideen fitxategian agertzea, eta elkartearen ikurra, baldin badu behintzat, erabiltzea.
  7. Estatutuen eta, egonez gero, barne-araudiaren ale bana edukitzea, eta zuzendaritza-organoei eskakizunak eta kexak aurkeztea.
  8. Elkartearen talde-ekintza sozialetan parte hartzea, eta bazkideentzako tresnak erabiltzea (elkartearen egoitza, liburutegiak, eta abar.).
  9. Bazkideari diziplinazko neurriak ezarri aurretik, bazkideak idatziz adierazitakoa kontuan hartzea eta neurri horiek hartzea eragin duten arrazoiei buruzko azalpenak jasotzea. Neurriak hartzeko arrazoiak bazkideei dagozkien betebeharrak ez betetzean soilik oinarritu daitezke.
  10. Edozein unetan baja ematea. Hala ere, hartu bai baina bete gabe dituzten konpromisoak bete beharko dituzte.

30. Artikulua – Bazkideen betebeharrak honako hauek dira:

  1. Elkartearen helburuekin bat etortzea eta helburu horiek betetzen laguntzea.
  2. Kuotak, derramak eta Estatutuen arabera bazkide bakoitzari dagozkion bestelako ekarpenak ordaintzea.
  3. Estatutuetatik eratorritako bestelako betebeharrak betetzea.
  4. Elkarteko zuzendaritza-organoek baliozki hartutako erabakiei men egin eta erabaki horiek betetzea.

BAZKIDE IZATEARI UZTEA

31. Artikulua – Bazkide izateari uzteko arrazoiak honako hauek dira:

  1. Hil egitea edo pertsona juridikoak desegitea (horrelakorik egonez gero).
  2. Bazkidea bere borondatez joatea.
  3. Zuzendaritza Batzordeak elkartetik bidaltzeko zigorra ezartzea, arrazoi honengatik: Estatutuotatik eratorritako betebeharrak eta Batzar Orokorrak edo Zuzendaritza Batzordeak baliozki hartutako erabakietan ezarritako betebeharrak nahita eta larriki behin eta berriz hausteagatik.

ZIGOR-ARAUAK

32. Artikulua – Bazkideek behin eta berriz hausten badituzte Estatutuak edo Batzar Orokorrak nahiz Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiak, Zuzendaritza Batzordeak bazkide horiek zigortu ahal izango ditu. 15 egunetik hilabetea bitarte eskubideak kentzetik elkartetik betiko kanporatzea izan daiteke zigorra, ondorengo artikuluek adierazitako moduan.

Horretarako, zigorgarriak izan daitezkeen jokabideak aztertzeko ikerketa egin dadila erabaki dezake presidenteak. Ikerketaren instrukziogilea idazkaria izango da, eta berak proposatuko dizkio Zuzendaritza Batzordeari hartu beharreko neurriak.

Zigorra ezartzeko ahalmena Zuzendaritza Batzordeak izango du, idazkariak ez du horretan parte-hartzerik izango (instrukziogilea delako), eta zigorra ezarri aurretik interesdunari entzunaldia eskainiko zaio. Zigortzeko erabakia arrazoitu egin beharko da beti, eta erabaki horren aurkako errekurtsoa jarri ahalko zaio Batzar Orokorrari.

33. Artikulua – Bazkideren batek elkartetik kanporatua izateko moduko ustezko egintzaren bat egiten badu, hau da, Estatutuotatik eratorritako betebeharrak eta Batzar Orokorrak edo Zuzendaritza Batzordeak baliozki hartutako erabakietan ezarritako betebeharrak nahita eta larriki behin eta berriz hausten baditu, gertaeren berri izatearren, presidenteak idazkariari agindu diezaioke aurretiazko eginbide zehatz batzuk egin ditzala, behar den informazioa jasotzeko. Eginbide horiek ikusita, presidenteak jarduerak artxibatzeko agintzea edo elkartetik kanporatzeko zigor-espedienteari hasiera ematea erabaki dezake.

34. Artikulua – Elkartetik kanporatzeko zigor-espedientea hasten bada, idazkariak, gertakariak egiaztatu ondoren, idatzi bat bidaliko dio interesdunari, leporatzen zaizkion karguen berri emateko. Kargu horiei erantzuteko, interesdunak bere aldeko arrazoiak azaldu ahal izango ditu hamabost eguneko epean. Epe hori amaituta, edonola ere, Zuzendaritza Batzordearen lehenengo bilkurako gai-zerrendan sartuko da kasua, eta Batzordeak hartuko du erabakia. Erabakian ez du parte hartuko espedienteko instrukziogilea izan den idazkariak.

Elkartetik kanporatzeko erabakia interesdunari jakinaraziko zaio eta, era berean, hurrengo ezohiko batzar orokorrean errekurtsoa aurkez dezakeela azalduko zaio. Hiru hilabeteren barruan batzar horretarako deirik egiten ez bada, errekurtsoa ebazteko batzarrerako deia egin beharko da. Bitartean, Zuzendaritza Batzordeak inputatuari bazkide eskubideak etetea erabaki ahal izango du, eta Zuzendaritza Batzordeko kide bada, kargu hori utzarazi beharko dio.

Batzar Orokorrari kanporatzeko espedientea aurkeztuz gero, idazkariak espedientearen laburpena egingo du, Zuzendaritza Batzordeak interesdunak aurkeztutako idatziaren eta egintzen berri zehatza Batzar Orokorrari eman ahal izateko, azken horrek dagokion erabakia har dezan.

35. Artikulua – Kanporatzeko erabakia arrazoitu egin behar da beti, eta erabaki hori interesdunari jakinarazi behar zaio. Interesdunak, eskubideaz baliatuz, auzitegietara jo ahal izango du bere ustez erabakia legearen edo Estatutuen aurkakoa bada.

36. Artikulua – Bazkideren bati kanporaketaren berri ematerakoan —berak nahi izanda edo zigorra ezarri zaiolako— bete gabe dituen betebeharrak bete ditzala eskatuko zaio.

LAUGARREN KAPITULUA

SORTZE-ONDAREA ETA AURREKONTU-ARAUAK

37. Artikulua – Elkartearen hasierako ondarea 10.000 pezeta izan ziren (60,00 €).

38. Artikulua – Elkarteak, bere jarduerak aurrera eramateko, diru-baliabide hauek aurreikusten ditu:

  1. Sarrerako kuotak.
  2. Erabakitzen diren aldizkako kuotak.
  3. Elkartearen ondasun eta eskubideetatik datozen emaitzak, eta legez jasotzen dituen diru-laguntzak, legatuak eta dohaintzak.
  4. Zuzendaritza Batzordeak Estatutuen helburuak lortzeko egin beharrekotzat jotzen dituen jarduera zilegietatik datozen diru-sarrerak

Elkarte- eta ekonomia-ekitaldia urtekoa izango da, eta ekitaldia urte bakoitzeko abenduaren 31n itxiko da.

Elkarteak, jarduera ekonomikoak (zerbitzuak ematea barne) gauzatuz lortzen dituen irabaziak bere helburuak betetzeko baino ez dira erabili beharko. Inola ere ezingo dira elkartekideen artean banatu, ez eta haien ezkontideen edota haiekin antzeko afektibitate-harremanean bizi diren pertsonen artean eta haien senideen artean ere. Ezingo zaizkie, halaber, irabazteko asmoa duten pertsona juridiko edo fisikoei doan laga.

BOSGARREN KAPITULUA

ESTATUTUAK ALDATZEA

39. Artikulua – Estatutuak aldatzea propio horretarako deitutako bazkideen ezohiko Batzar Orokorrean erabaki behar da. Zuzendaritza Batzordeak hiru bazkidek osatutako batzorde-txostengile bat izendatuko du, aldaketa-egitasmoa idazteko. Egitasmo hori Zuzendaritza Batzordeak ezarritako jarraibideen arabera egingo da, eta Batzorde berak jarriko du egitasmoa amaitzeko epea.

40. Artikulua – Aldaketa-egitasmoa epe barruan idatzi eta gero, presidenteak Zuzendaritza Batzordearen hurrengo bilkurako gai-zerrendan sartuko du. Zuzendaritza Batzordeak egitasmoa onartuko du edo, bestela, lantaldeari itzuliko dio, berriz aztertu dezan.

Egitasmoa onartuz gero, Zuzendaritza Batzordeak hurrengo batzar orokorreko gai-zerrendan sartzea erabakiko du edo, bestela, horretarako propio batzar Orokor Baterako deia egitea.

41. Artikulua – Batzarrerako deiarekin batera, Estatutuetako aldaketen testua bidaliko da, bazkideek egoki iruditzen zaizkien zuzenketak Idazkaritzan aurkeztu ahal izateko. Zuzenketa horiek Batzar Orokorrari helaraziko zaizkio, batzarra egin baino zortzi egun lehenago jaso badira Idazkaritzan.

Zuzenketak banaka nahiz taldeka egin daitezke, idatziz, eta aukerako beste testu bat izan beharko dute. Zuzenketak bozkatu ostean, Batzar Orokorrak Estatutuak aldatzeko erabakia hartuko du, eta Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatzen denetik aurrera baino ez du eragina izango hirugarrenengan.

SEIGARREN KAPITULUA

ELKARTEA DESEGITEA ETA ELKARTE-ONDAREAREN ZERTARAKOA

42. Artikulua – Elkartea arrazoi hauengatik desegingo da:

  1. Bazkideek hala nahi dutelako. Nahi hori horretarako bildutako ezohiko batzar orokorrean azaldu beharko da.
  2. Estatutuetan finkatutako epea edo baldintza bete delako.
  3. Beste elkarteren batek xurgatu duelako edo beste elkarte batzuekin bat egin duelako.
  4. Legez ezarritako gutxieneko bazkide-kopururik ez duelako.
  5. Epai irmo batek elkartea desegitea agintzen duelako.
  6. Elkartearen helburuak betetzea ezinezkoa delako.

43. Artikulua – Elkartea deseginez gero, erabakia hartu duen ezohiko Batzar Orokorrak Kitapen Batzordea izendatuko du. Batzorde hori Zuzendaritza Batzordeko hiru kidek osatuko dute eta dagoen diruaz arduratuko da.

Bazkideekiko eta besteekiko elkarte-betebeharrak bete ondoren, geratzen den elkarte-ondarea, geratzen bada behintzat, irabazi-asmorik gabeko elkarte bati edo irabazi-asmorik gabeko ekimenen bati eman beharko zaio.

AZKEN XEDAPENA

Estatutu hauek garatzeko asmoz, Batzar Orokorrak barne-araudia onartu ahal izango du, baina horrek inolaz ere ez ditu Estatutuetako aginduak aldatuko.